Aste Nagusiko Bertako Pop Rocka – Pop Rock Local

Aste  Nagusiko  Bertako  Pop  Rocka  –  Pop  Rock  Local

BILBOKO UDALAREN “ASTE NAGUSIKO BERTAKO POP ROCKA-POP ROCK LOCAL” ERAKUSTALDIAN IZENA EMATEKO EPEA HASI DA

• Parte hartu nahi duten taldeek www.bilbao.eus webgunean eman dezakete izena maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean. Taldeek edo bakarlariek egoitza Bizkaian izan behar dute, edo gutxienez taldekide batek lurralde historiko honetan erroldatuta egon behar du.
• Lehiaketa hau 1985ean hasi zen, eta harrezkero 190.000 ikusle baino gehiago bertaratu dira 512 talderen lanak zuzenean ikusteko.
• Musikaren munduan aurrera egin nahi duten Bizkaiko taldeei laguntza emateko sortutako erakustaldian gaur ezagun diren hainbat talde igaro dira bertatik, adibidez Platero y Tú, We Are Standard eta Zea Mays.
• Berrogeigarren urteurrena beteko duen Aste Nagusiaren barruan egiten da erakustaldi hau. Aurten 33. edizioa izango da, abuztuaren 18tik 26ra bitartean.

Hasi da atzera-kontaketa “Aste Nagusiko Bertako Pop Rocka-Pop Rock Local” erakustaldiko 33. ediziorako. Bizkaiko musikarien topagune, gaur ezagun diren hainbat taldek parte hartu du urte horietan guztietan.

Erakustaldi honi esker, 512 taldek eta bakarlarik ezagutarazi dituzte euren lanak; gaur musikaren arloan ezagun diren izen askok erakustaldi honetan eman zituzten aurreneko urratsak: Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot, Zazkel eta abar.

“Aste Nagusiko Bertako Pop Rocka-Pop Rock Local” Erakustaldia musikan bere bidea egin nahi zuten Bizkaiko taldeei bultzada emateko asmoarekin sortu zuen Bilboko Udalak 1985ean. Erripa Kaia, Unamuno plaza, Areatzako pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketaren eszenatokiak. Gaur egun Bilborocken egiten da.

METAL FOR THE CREW Elkartearen eta Beste Jack Kultur Elkartearen lankidetza du lehiaketak. Ikus-entzule leialak ditu, urtero-urtero, batez beste, 5.000 pertsona bertaratzen baitira talde guztien kontzertuetara. Guztira, 190.000 ikus-entzule baino gehiago izan dira erakustaldia sortu zenetik.

IZENA EMATEA ETA BALDINTZAK

Deialdia zabalik egongo da udal webgunean ekainaren 15era arte. Parte hartu nahi duten taldeek Bizkaikoak izan behar dute; gutxienez kide bat eduki behar dute Lurralde Historikoan erroldatuta. Metalaren eta pop-rockaren barruko estilo guztiak onartuko dira, jazza izan ezik. Andrazkoek osatutako taldeek eta euskaraz egindako lanek arreta berezia izango dute aukeraketa egiten denean.

Izena emateko, gutxienez lau tema original aurkeztuko dituzte, baita biografia, argazkia eta harremanetarako datuak ere. Aukeratzen diren taldeek lehentasuna emango diote Erakustaldiko emanaldiari, Aste Nagusiko beste edozeinen aurretik; kontzertua, gutxienez, 45 minutukoa eta gehienez 50ekoa izango da.
Informazio gehiago: Facebook, Twitter eta Youtube.